XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...); eta orduan izan zen Ixidro anaia txikia marruka hasi zenean, karraixi bizian, narrua kendu izan baliote bezala, amatxok azkenik muturreko eder bat eman zion arte.

Gutxiago falta zen Vetierroratzeko eta orain amatxo zegoen oso haserre eta kopetilun eta aitatxoren kontra hasi zen oso altu buila egiten.

Esana ziola, behin eta berriro, etxetik atera baino lehen, gure Ixidro ttikia oso txikia zela halako bidaje luzea egunez egiteko, eta begi bistakoa zela oso nekatzen zela eta ea zergatik ez zuten ibilaldia gauez egin, berak esan bezala, gauez egin izan balute orain denok egongo ginela erosoago, egokiago zatekeela, eta horrela orain Ixidro ttikia bera ere lasaiago egongo zela lotan eta isil isilik, deskantsu ederrean.

Orduan, hori entzun bezain laster, aitatxo haserretu zen izugarri.

Eta isilik egoteko esan zion amatxori, hartaz berak ez zuela ezta ideiarik ere eta.

Ea ez al zekien oraindik ez zeukala gauez kotxea eramateko ohiturarik, eta berak agintzen zuenez ez zuela kotxea gauez gidatuko eta berak esandakoa onartu eta egin behar zela han eta isilerazteko behin betikoz ume mukizu hori.

Horrela ez zegoela bidaje eroso egiteko modurik-eta.

Orduan gure aitona Luzianori begiratu zion, eta hau parrez zihoan, han, lasai asko eserita.

Isilik zihoan eserita baina parre eginez.

Eta orduan gehiago haserretu zen aitatxo oraindik eta aitonaren kontra hasi zen (...).